Mailiarena, Hiribehereko erdigunean baloratzeko gune bat

Hiribehere auzoaren bihotzean, hiriko egiazko sarrera gisa, Mailiarena toki estrategikoa da, aukera anitz eskaintzen dituena: etxebizitzen sortzea, jarduerak, naturaren berreskuratzea… Dena irudikatzekoa da, eta hori egin nahi dugu auzoan abian diren antolamenduekin koherenteak izanen diren proposamenen oinarrian, uztariztarrak ere prozesuan parte hartzera gonbidatuz.

Badakigu hiri-sarrerek zein garrantzi duten herritarrentzat. Mailiarena bidegurutzearen antolamendua errextea beharrezkoa da, geltokirako, Errepiragaraia gune naturalerako eta “guinguette”rako sarbidea segurtatzeko eta arintzeko. Aldi berean, hiri-erdiko herriko lurren erabilerari buruzko erronka ere bada: etxebizitza beharrari erantzutea, jarduerak garatzea eta gaur egun guztiz artifizializatua den eremu honen zati bat berriro naturalizatzea, espazioa lasaitzeko.
Antolamendu berriak gauzatzeko kokaleku egokia
Lehenik eskola publikoa eta ondoren ikastola hartu ondoren, Mailiarenak —gaur egun neurri handi batean guti erabilia— gazte gunea hartzen du nagusiki. Hurbil-hurbilean, gainera, hutsik den Zubiburua etxea aurkitzen da (duela zenbait urte herriak erositakoa), baita “Indar jokoen” egoitza zaharra ere, gaur egun aldi baterako bestetako komiteak erabiltzen duena.
Eraikin hauek, energia-ikuspegitik gaitzeko “zuloak” dira, eta ezin dira gaur egun dauden bezala herriaren lokal gisa erabili. Horregatik uste dugu funtsezko gogoeta egin behar dugula gune honen etorkizunaz.
Gure proiektua Mailiarenarentzat
Helburua auzoaren erdigunean dagoen kokaleku hau berriz baloratzea da, hainbat norabide emanez:
- etxebizitzak sortzea, horien artean etxebizitza sozialak nagusiki,
- jarduera-lokalak sortzea, gure herrian enplegua errotzeko,
- herriari itzuliko zaizkion lokalak sortzea, beharren arabera zehaztuko diren aktibitateak ezartzeko.
Gure ustez funtsezkoa da antolamendu honek bere ingurune hurbilean hirigintza-ikuspegitik modu ezin hobean txertatzea, eta balio erantsia ekartzea bereziki ikusgarria den multzo honi, herrirako sarrera ere baita. Proiektu hau bat dator ingurumen-helburuekin, dagoeneko artifizializatuak diren lurretan etxebizitza eta jarduerak garatzea ahalbidetuko duelako.
Gainera, hiri-erdian kokatua izanik —dendetatik, eskoletatik, zerbitzuetatik eta ekipamenduetatik hurbil—, etorkizuneko erabiltzaileentzat eguneroko mugikortasun goxoak ere errextuko ditu. Proiektu hau, beste antolamendu handiak bezala (Heraitzeko eta Arruntzako herriguneak), herritarrekin, elkarteekin eta bereziki Hiribehere-Zokorrondoko auzo-komitearekin loturan eginen da.
Mailiarena gunearen proiektuak diru-sarrerak ekarriko dizkio herriari, aldi berean utzitako eraikinen berrantolaketa, etxebizitza eskuragarrien ekarpena eta enplegu aukerak sortuz.
