Elkarteak, indar bat Uztaritzerentzat

Azken urteetan, Uztaritzeko herriak “elkarte polo” bat sortu zuen bere zerbitzuen baitan, tokiko elkarte-sarearen eskaerei ahalik eta hurbilen erantzuteko asmoz.

2021eko apirilean, hautetsiek eta herriko langileek osatutako elkarte polo bat eratu zen. Ordutik, ezinbesteko erreferentzia bilakatu da eta denek ezagutzen dute (hierriko aldizkariaren baitan ikus daitekeen bezala). Elkarte arduradunen eskaerei fite eta eraginkortasunez erantzuten die. Horren adierazgarri da, besteak beste, harremanetarako helbide bakar baten sorrera, eskaera guztiak zentralizatzeko.
Antolaketa horri esker, urte osoan zehar herrian antolatzen diren ekitaldi desberdinak koordinatu eta egituratu ahal dira.

Elkarrizketa etengabea eta laguntza zabala

Elkarte bakoitzaren gibelean, Uztaritze egunero biziarazten duten emazte eta gizon engaiatuak daude. Elkarteetako arduradunekin elkarrizketa erregular eta eraikitzailea mantentzea da Uztaritze Bai-ren kezka nagusietako bat. Lan molde hori duela urte batzuk ezarri zen, eta helburua da bide horretan segitzea.

Horrez gain, Uztaritzeko elkarteek laguntza zabala jasotzen dute herriaren aldetik: herriko gelak erabiltzeko aukera, minibusen erabilera, ekitaldi edo besta desberdinen antolaketan eta finantzaketan laguntza (karparen alokairua, besteak beste).

Finantza-laguntza iraunkorra

Bestalde, herriko etxearen aurrekontuaren zati bat urtero elkarteei zuzendutako dirulaguntzetara bideratzen da. Testuinguru ekonomiko zorrotz batean egon arren, laguntza maila hori mantentzeko hautu argia egin dugu.
Dirulaguntza zuzenaz gain, herriak zeharkako gastu ugari ere bere gain hartzen ditu: zerbitzu teknikoak, ohiko gastuak… Laguntza zehatz horiek guztiak elkarte-bizitzaren bizitasuna indartzen dute.

Badakigu elkarte askoren eredu ekonomikoak aldatzen ari direla, eta adi eta prest egonen gira Uztaritzeko elkarteek adierazten dituzten beharrei entzuteko. Arduraz eta kudeaketa onez erabakitzen dugu elkarteei ematen zaizkien dirulaguntzen zenbatekoa.

Azkenik, zenbait adierazpenek dioten ez ez bezala, gaur egun elkarteei bideratutako aurrekontuak, gure oposizioak aipatzen dituen zenbatekoen bikoitza ordezkatzen du. Datuak publikoak dira eta HEMEN kontsulta ditzakezue.

Entzun nahi duenak, entzun dezala…

Similar Posts

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude