ERREPIRAGARAIA: araudiak eta ikerketek diotena
2013an herriari itzulitako Errepiragaraia guneak ingurumen paregabea du: 20 hektareako eremua da, eta horren barnean 12,8 hektareako ur-azalera duen urmael bat da. Agintaldi honetan 2 kilometroko bide bat egokitu da, panel pedagogikoz hornitua. Horri esker, urmaelari itzulia eman daiteke, haren historia eta funtzionamendua ezagutu, baita bertan bizi diren espezieak ere.
Nahiz eta hainbat motatako egokitzapen eta jarduera aztertu izan diren, agintaldi honetan egindako ikerketek eta kontsultek baieztatzen dute gunea ahula dela eta haren erabilera kontrolpean atxiki behar dela.
Muga handiak dituen gunea
Errepiragaraia guneak hainbat muga sendo ditu. Agintaldian zehar, Estatuaren zerbitzuen iritzia (DDTM) eskatu dugu, eta hainbat ikerketa egin dira (fluxuen azterketa, paisaia-azterketa, bizikleta-loturen azterketa, etab.). Azterketa horiek guztiek ondorio bera dute: ezinezkoa da aisialdi-gune motako instalazioak aurreikustea.
Izan ere, Uholde Arriskuen Prebentzio Planaren (PPRI) eremu gorrian kokatua da gunea. Beraz, uholde-eremua da, eta horrek biziki zorrotz mugatzen ditu eraikuntza edo egokitzapen iraunkorrak, baita aparkalekuen antolaketa ere, eta uraren jario libreari eustea eskatzen du. Gainera, edateko uraren kaptazio-eremuaren babes-perimetroan kokatzen da (Errobi ibaiaren Haitzeko presako ur-hartzea). Bestalde, gunean konpentsazio ekologikoko eremu bat ere bada.
Babestu beharreko ondarea
Errepiragaraia ingurune natural hauskorra da, “barthen” ezaugarri tipikoak dituena: hezegune baliotsuak dira, uraren erregulazioan eta bioaniztasuean funtsezkoak.
Guneak babestutako hainbat espezie hartzen ditu, animalia zein landareen artean.
Gure nahia da egokitzapen xume eta leunak garatzen jarraitzea, publikoa hartzeko, ezagutza eta babesa uztartuz. Aldi berean, jarraipen ekologikoa segituko dugu egiten, bereziki espezie inbaditzaileen aurkako borrokan.
